Iritzia

Egindako analisiaren ondorioz, atal honek aberatsa izan behar du; "Gustatu zait / Ez zait gustatu" moduko sinplekerietan geratzen diren iritziek baliogabetu egiten dute aurreko iruzkin lan guztia. Beraz, aurretiaz egin den lanaren ondorioa da, aurreko guztia atal hau txukun egiteko apunte bilduma bat dela esan daiteke. Atal honetan iruzkina egin duenaren maila laburbildurik geratzen da.

Iritzian obraren iruzkinean zehar atera diren ezaugarriak eta berezitasunak bildu eta komentatu behar dira (gaia, kontaketaren maila, istorioaren egituraketa, pertsonaien hautaketa eta garapena, obraren mezua edo esanahia...) eta horien balioa (kalitatea) aintzat hartu.

Iritzirako jarrera oso egokia izaten da idazlearen lekuan jartzea: “Nik neuk nola antolatuko nuke honelako istorio bat, zelan kontatuko nuke...” . Horrela, obra baten zailtasunez ohartuko ginateke eta dituen merituak aitortzeko jarrera irekiagoa ere izango genuke.